Berbalagun RSS Txokoa kudeatu
Berba Lagun
Sukalki
Eguzkia pertsianatik sartzeko indarrik ez, goizeko lehenengo zurrumurruan loak nire jabe, telefonoa joka kriston salto eman dut ohean. “Berandu egin zait”.
-Bai?
-Ez dago inor txokoan.
-Zelan ez dagoela inor txokoan? Itxoin apurtxo bat eta deituko zaitut bueltan.
Oraindik begiak itxita, berbalagun zerrendatik bat aukeratu eta deitu egin diot. Ez du inork erantzun. “Hau be, lotan gelditu da”. Beste zenbaki bat sakatu dut.
-Egun on. Gure sukaldaria txokora heldu da eta ez dago inor, joan ahal zara zabaltzera?
-Txokoa zabalik dago, gainera garbitzen duen andrea lanean dabil.
-Ba ,sukaldariak ez dagoela inor dio.
-Beno ba hurbilduko naiz, baina nik hemendik ez dut inor ikusten.
Berriro telefonoa.
-Txokoan nago eta sukaldaririk ez. Uste dut akats bat egon dela.
-Beno ba, ikusiko dut zer gertatu den.
Berriz sukaldariarekin.
-Non zaude?
-Txokoan…
-Nongoan?
-Zamudiokoan.
-Lezamako txokoan da-ta , erratu egin zara. Badakizu joaten?
-Ez.
Azalpen luze eta zehatza eman ostean.
-Ulertu didazu?
- Ez.
-Hartu egizu autoa, etor zaitez nire bila eta batera joango gara, ondo?
-Bai.
Gosaldu barik eta haizearen mugimenduak orraztuta, ziztu bizian irten naiz etxetik. Txokora heldu eta lehenengo pausoak eman ditugu, kafea esnatzeko eta jo ta ke lanera. Salda egin, okela prestatu, barazkiak zuritu eta, garrantzitsuena, apunteak hartu. Nekatuta, hamaiketakoari ekin diogu, txistorra eta txakolina, Lekeren txakolina, hain zuzen ere.

Ordurako lehenengo berbalagunak heldu dira, eta horien artean, sukalki maisua. Beraz, sukaldariaz aparte, maisua izan dugu.

Barazkiak lapikoan eta berbalagun guztiak txokoan, hamaiketakoaren bigarren txandari baimena eman diogu, txistorra, kroketak eta txakolin gehiago.

Bitartean, entsaladak prestatzen hasi gara, gildak eta mendrezka. Sukalki aurrera doa eta horrekin batera berbalagunen gosea. Mahaia atondu dugu, beheko sua piztu eta hirugarren hamaketakoari ekin diogu.

Okela sutan, usaina ezin hobe. Saldari bueltaka, ogia busti dugu. Lehenengo sukaldari nagusiak, gero laguntzaileak eta azkenik besteak. Baten bat haserretu egin da, horiek ez baitira moduak, baina gatz puntuaren froga ezinbestekoa da.
Ilusioz betetako afaria
-Magoa ikustera joan zara?
-Bai.
-Eta magia egin du?
-Ez, ilusioz bete nau. Ilusio barik ez dago magia, ametsak posibleak direla sinistu behar da.
-Orduan bizitza magia da?
Jo eta ke soloan
Izenburuak esaten duen bezala laster berbalagun talde bat soloan hasiko da lanean, eta ez edozein solotan, ez! Solo ekologikoa izango da eta!

Horretarako, Jose Antonio Lekuek hitzalditxo bat eman zigun horren gainean eta geuk galderaz josi genuen. Zein da sasoi hoberena Txorierriko itxaropen loreak landatzeko? Eta lurra? Zelan prestatzen da lurra, bitaminak behar ditu ala zizareei utziko diegu oxigenatzen? Eta tresnak? Zer beharko dugu gure lur zatitxoko fruitua jasotzeko? Eskuak, izerdia, gogoa eta aitzurra, hori izan zen erantzuna. Horra hor, txorierritar gaztedia jo eta ke, izerdia aurpegian aitzurra lepoan, oraingoz behingoz, ama lurra zaintzen eta horrekin batera euren burua.

Klase teoriko horren ostean, soloa falta zitzaigun, lurra ikusi, bizi eta izan. Zuhaitz fruitudunekin hasi ginen, sagarrondoak, madariondoak, kiwiak… denak batera, lagun, auzo berean elkarrekin bizitzen. Fruituak jasotzeko arbola pare batekin nahikoa da, zuhaitz bakar batek 50 kg fruta eman baitezake.

Ibilbidearekin jarraituz, negutegietan sartu ginen, txapel itzelezko lorategi ederrean, eguzkiaren bila hasten diren barazkien tenpluan. Bertakoak ez diren frutak eta barazkiak nekez hasten dira gure lurretan, eguraldia alde batera eta lurraren propietateak bestera, laguntza behar dute sendo hasteko eta ezetz asmatu zer den hoberena? Txapela. Euskaldunen ikurrak ere ortuan bere garrantzia dauka, landarea babesteko, landarea maitatzeko. Bizitzan berean bezala, aurrera jarraitzeko babesa behar da, momentu txarretan altxatzen zaituen pertsona bat alboan izatea eta landareekin gauza bera gertatzen da, eguzkiaren laztana, uraren lasaitasuna, amaren babesa… hori dena eta gehiago behar dute, eta ezin dutenean jaso, orduan geuk egingo dugu lana, geu izango gara natura.

Satsa eta konpostetatik ere buelta bat eman eta jakin izan genuen mila modutara prestatu ahal dela. Harrituta gelditu ginen natura beti emateko prest dagoelako; hain ona da natura non satsean ere perretxikoak hasten baitira, mongiak hain zuzen ere!

Amaitzeko gure lagunak, LekueK, bertoko produktuen hamaiketakoa eskaini zigun, Larrabetzuko txakolina, ardi gazta, intxaurrak eta ogia. Beraz, bihotza ilusioz eta burua jakinduriaz beteta, eta sabela goxo-goxo bueltatu ginen etxera.

Eskerrik asko Lekue!
Anselmoren obratik buelta
Otsailaren 23an berbalagunok Anselmo Ginearen obra ikusi eta ezagutzera joan ginen Bilboko arte ederreko museora.

Anselmok txikitatik eduki zuen gustuko marrazketa, batez ere, irudian galdu eta marren bidez bere aurrean eraikita zegoena paper batean berak eraikitzea. Eskuz egindako argazkiak bai dira ederrak!

Ibilbide luzea gure lagunarena, Madrilen hasi, Italian eta Frantzian jarraitu, Euskal Herrira berriro itzultzeko. Bere obra ezagutu izan zituen lekuen influentziaz margotuta dago. Euskal Herriari buruzko margoek, nahiz eta oinarri historiko handirik ez eduki, gure antzinako paisaia zein zen jakiteko balio dute. Italian, berriz, bere lana hango ohitura eta iluntasunarekin nahasten du, eta emaitza ezin hobea lortu zuen, pertsonaiei bizitza ematea alegia. Frantzian, puntillismoaren modari jarraitu zion, baina puntuak baino marratxoak erabiliz. Gure margolaria trebea zenez oso, Frantziako korrontea lehen ikasitako teknikaz josi zuen; horrela, bere mozorro propioa lortu zuen, obrari nortasuna emanez.
Berba lorea denean, fruitua berbalaguna.
Euskarak indarrez iraun du beti, tente, burua gora, zeruari begira. Gure oinarria beti izan da sendoa, euskaldunok gure hizkuntzaren zapalkuntzaren aurrean, sustraietatik eutsita harro mantendu dugulako geure burua. Haizerik bortitzena, eguzkirik kiskalgarriena, euri-zaparradarik sakonena, hori guztia, ongarria baino ez da izan guretzat; atzera begiratzean egindako bideari hasiera ezin ikusi! Horretan datza fruiturik goxoena, lan eta nekez lortzen dena. Hazia zaindu eta babesten denean, maitasunez eta ilusioz ureztatzen dugu garapena. Modu honetan, oinarria finkatzen da eta enborrak, hau da, gure hizkuntzak lorez beteko gaitu.

Inausketa beharrezkoa da zuhaitzen garapen osasuntsuarentzat. Artaziek garbiketa handia egiten badute, lehenengo urtean fruitu gutxi jasoko dugu, baina bigarrenean otarra beteko dugu. Fruitu handienak, politenak eta goxoenak gureak izango dira. Berbalagunen parte hartzen dutenak ere dira beharrezkoak gure kultura bizirik mantentzeko, gaurko lorea bihar fruitua izateko! Eskerrik asko Goiko inausketaren alde ona erakusteagatik, eskerrik asko Lekue kutsatu gabeko lurretan sinesteagatik, eskerrik asko Jose Angel Txorierriko aberastasunak hurbiltzeagatik, eskerrik asko berbalagun euskaldun zahar guztiei hazia zaintzeagatik, eskerrik asko hazi berrioi geure bihotza ilusioz betetzeagatik!
Solo ekologikoa
Gure bazterrak
Spiderman? Ez, berbalagunak!!!
Menditik gora, rokodromoetan errege… aurten berbalagunok zerura helduko gara. Bai euskaraz, bai indarrez, gailurra gure esku dago. JO TA KE!
Berdin da adina , berdin bakarrik edo familiarekin, gaurko domekan zerutik gertuago egon gara. Beldurra alde batera, soka eta gogoa, gaur atzo baino indartsuagoak gara.
Aupa Txorierri euskalduna! Aupa berbalagunak! Eskerrik asko parte hartzeagatik! Eskerrik asko, Iñaki, Alaitz eta Dylan (holan jarri ahal dut?) zuen pazientziagatik! Eskerrik asko denoei
Zerutik gora!
Kaixo berbalagun hori:

Gutun honen bidez, datorren urtarrilaren 15ean, eskalada tailerra egingo dugula jakinarazi nahi dizuegu.
Bilboko kiroldegiko rokodromora joango gara. Kaskoa eramatea beharrezkoa da (bizikleta kaskoak balio du). Arnesa baldin badaukazue edo lortu ahal baduzue, mesedez jakinarazi izena ematean.

Lotuko gara:
NON: Lezamako Frontoiaren ondoan .
NOIZ:9:00etan.

• Parte hartu nahi izatekotan izena eman behar da urtarrilaren 12a baino lehen:

IZENA EMATEKO: (635.75.35.95), txorierri.berbalaguna@gmail.com

Ondo izan eta elkar ikusi arte, agur eta erdi!
Informatika tailerra
Euskaldunok bizkorrak gara oso: gutxienez bi hizkuntza dakizkigu, lagun hurkoa errespetatu egiten dugu, ia edozein egoetara moldatzen gara, askok euskara bera ikasi behar izan dugu edo genekiena hobetu eta baliabide urrirekin gauza handiak egiteko gai gara, adibidez berbalagun taldeak antolatu geure hizkuntza maila hobetzeko. Eta orain ordenagailu bidezko ikastaroak egin behar ote ditugu? Ez! Ikastaro hauek gure jakituria hobetzeko baino ez dira; eta, horrela, gure senitarteei edo gure lagunei argazkiz egindako aurkezpenak egiten ikasiko dugu, edo gure arbasoen berri emango diegu. Hau da, mundu zoragarri bat ezagutuko dugu, eta bera erabiltzen ikasiko dugu. Ez hutsik egin. ZATOZ ETA GOZATU!

· NOIZ:

Abenduaren 26an, 18:00etan. Nola jarraitu "arbasoen" pista interneten? (Zuhaitz genealogikoa edo dena delakoa). Oso interesgarria, beraz, zure jatorria ezagutzeko.

Abenduaren 27an, 18:00etan. Ordenagailu bidezko aurkezpenak egiteko ikastaroa (Oinarrizko kartelak, powerpointak, …)

· NON:

Derioko Kultur Birikan.

Etortzeko asmoa baldin badaukazue, mesedez, izena eman 23a baino lehen.

Ordenagailu eramangarria badaukazu, ekar ezazu mesedez.
12345678910Hurrengoak >
Honi buruz
Txorierriko Berbalagunen bloga duzu hau. Irakurri eta parte hartu!!

Izena emateko deitu (635.75.35.95) edo idatzi hona: txorierri.berbalaguna@gmail.com-era.

Argazkiak
Bilatu

Gura duzu?
Euskaldunon mundua 200x460
Kaixo
Zerbait idazteko