tximintx RSS Txokoa kudeatu
Tximintx
Gurea Aretoa txiki gelditu zen Antzerki Topaketetan


Aikor aldizkarian argitaratutako berria:


Ekainean, Txorierriko Antzerki Topaketak egin ziren bigarren aldiz, Derioko Gurea Aretoan. Jarduera hori Tximitx euskara elkarteak antolatu zuen, Kurkuluxetan Bilboko antzerki eskolaren laguntzaz.

Topaketetan Kukuke Derioko antzerki eskolako ikasleek eta Kurkuluxetan eskolako ikasleek hartu zuten parte. Aktore gazteek lau lan antzeztu zituzten: Romeo eta Julieta, Bankuaren lapurketa, Itsasoko misterioa eta Edurne zuri, zer zuri!. Gurea aretoan jendetza handia batu zen eta batzuek kanpoan gelditu behar izan zuten leku faltaz. Aipatu beharra dago, antzezlanak euskaraz izan arren, erdaldunak ere joan zirela aretora, eta antzezleen gurasoak, senideak eta lagunak izan zirela ikusleen artean.

Topaketek helburu bikoitza izan zuten: alde batetik, antzerki eskolako ikasleek ikasturte osoan egindako lana jendaurrean erakustea eta, bestetik, Derioko eta Bilboko eskoletako kideek elkarrekin trukatzea euren esperientzia.

Kukuke antzerki eskola aurten jarri da martxan, eta bertan 12 ume aritu dira. Antzerki Topaketak erabat arrakastatsuak izan dira eta, haiei esker, ume asko animatu dira datorren ikasturtean eskolan parte hartzera. Aurrematrikula ekainean izan bazen ere, irailean berriro zabalduko da izen ematea.
Kateatik Otatzara da Txorierri
Aikor aldizkariko Aikorrizketan atala, Juan Luis Goikoetxeak idatzitakoa.



Egun on Txori!
Halan ekarri Luki. Zelan gara?
Poz-pozik neskato!
Zelan, ba, mutil?
Energia eta adorea dakardaz gaur.
Cola-cao armozau dok ala?
Ezta! Andreak emon jaustana mosua. Txorierri bera be beste begi batzukaz ikusten jonat.
Handia dok, ba, Luki!
Beitu, Txori, KATEAko kateari tira egin eta Larrabetzuko Otatza baserriko akarra lotu ezkero, ipini dona Txorierriren hasierea eta amaierea.
Ia, Luki, Katean hasten dala dinok? Baie, KATEA Erandío dok-eta!
Egia biribila Txori! Ba, Katea amaitzen dan puntutik hasirik da Txorierri, orduan.
Argitu egik, behingoz, Luki Txorierri non hasten dan!
Hara! Hartu egin autoa Txori Erandioko Landan; atoan Asua topauko dona bide hegaleko kartelean; Erandio gero; Asua ostean; Sondika hurrengo kartelean, jakina, Loiu ezkerrean lagata; Loiuko kartela Larrondon; segiduan Derio, eskuinean Zamudio dala, eta holan.
Ondo Luki, baina, esate baterako, zein baserritan hasten dok Zamudio Sondikatik Lezamarantz etorririk?
Zamudio hasten dona Ugeldune –Ugaldeguren hortik hartua dok- Dítxine eta Bástine baserrietan, eta amaitu Luberta – Lubarrieta-, Olotze eta Olaminagan Halan dino Gabriel Zaldunak.
Gero, Lezama. Kurtzeko ermitan hasi eta Bidegane baserriraino, Fernando Bolukok dinoanez.
Eta azkenik, Luki, Larrabetzu!
Bai Txori! Sasiene baserria daukagu eskuinean, hor hasten da herria, ibili aurrera eta uria –ze, Txori, Larrabetzu herria zuringoa dona eta uria gorringoa-, ba, uri hori abadearen etxean hasten dona, edo Errebale 22an. Halan dino bizar eta guzti ederto baten Juan Albertok.
Deskantzeik Luki, ondo kostau jak Otatzako akarra KATEAko kateagaz kateatutea!
Bihar argiago ibilteko, andreari mosu bat ez dala nahiko eta bi eskatuko deutsadaz Txori.
Txorierri ere Egunkariarekin!


Martitzenean kontzentrazioa egin genuen Derion, Egunkaria kasuan auzipetutakoei babesa eman eta elkartasuna adierazteko. Ekimena Arrekikili, Lagatzu, Tximintx eta Zorrizketan Txorierriko euskara elkarteek, Txepetxa AEK euskaltegiak eta Egunkari libre plataformak antolatu genuen eta udaletxearen aurrean 100 lagun inguru batu ginen.
Aikorrizketan (II)
Hilero Aikor! aldizkarian Juan Luis Goikoetxeak ekarten dabezan Txori eta Lukiren istorioak.

–Egun on Txori!
–Halan ekarri Luki!
–Lezamako istripua zer neska? Itzelezko danbadea hormearen kontra! Hileko bat-eta! Zaurituetarikoak bion ezagunak! Zelan paseu leiteke hori?
–Eztaipanipa! Tren gidariari, hil danari botatzen deutsie batzuk errua, arinegi joan dalako. Jendeak zer daki? Kontua da 2009an lanean hildako 70. behargina izan dala.
–Istripu hau, neskato, zoritxarrez, ez da lehenengoa. Badakizu Bilbon badana kalea “Lezamako trenbide zaharra” deritxana. Handixe pasetan zan antxinako Lezamako trena, 1898an inauguratu zana. Zorigogorrez, 1900ean, urten egin eban errailetatik, eta 1901ean lokomotora bat lehertu jakon. Arrazoi horregaitik-eta, aldatu egin zan; oraingo trenbidea ez da ordukoa. Gaurkoa, 1908an inauguratu zan. Holakoak kontauta, bataren batek kaminoa seguruagoa dala esan leike.
–Bai zera, Luki. Ez da urte askorik itzelezko istripua ikusi nebala Larrabetzutik Lezamarako bidean. Derioko Institutura etozan lau ikasle kotxean –denpora sobra barik– eta Larrabetzutik Lezamarako zatian astoa plantau jaken bide erdian belarri eta guzti, ez arre, ez iso. 120 zaldiko autoak astoa jo eta zentailea laseko triskantzea: gazteak arrakalaz beterik, besoren bat apurtuta-eta, baina sugertez, bizirik. Astoa, ostera, burua haizetako kristaletik barrura, hilik.
–Ostean, haze nahastea asegurukoakaz- eta, ez?
–Asegurukoak epaiketarako datuak batzen ibili ziranean (h)arrantza eta honantza, istripua ikusi eban amama moinodunak konteu eutsien asto difuntuak sarri-sarri gurutzatzen ebala kaminoa auzoko asto emeari bisita egiteko.
–Asto horrek, Txori, bihotza eukan belarriak baino handiagoa. Bego zeruetako lantzarrean aske ze, solte dagoan astoa bedar txarrera eztoa. (Phelixier).
Juan Luis Goikoetxea, idazlea: “Egiak” eta ‘egia santuak’ batuten dira liburuan”
Juan Luis Goikoetxeak oraintsu kaleratu dau anekdoten bigarren liburua, Euskaldunaren anekdotak II. Hau be Mendebalde Kultura Alkarteak argitaratu dau eta aurrekoak bezala, CDa dakar Udane Goikoetxeak editatua, irakurri ez eze entzun be egin ahal izateko. Azala modernoagoa da orain, Aritz Albaizerrek diseinatua. Liburuan ‘Goikok’ jasotako 91 anekdota agertzen dira eta, tartekatuz, beste 31 pasarte labur, Villasanteren liburutik hartuak.

Anekdotak ez dira sekula amaitzen?
Euskaldunen artean bizi garenean eta euskera, adibiderako, ura dala esaten badogu, uretan arrainak dira, hau da, anekdotak. Horreek arrantzatzen, batuten, ahalegindu naz. Eguneroko bizitzan dagoz, niri kontau egin deustiez: batzuk, nire ikasleek: Bakarnek, Leirek...; baita beste askok be: Gabrielek... Horreek inork kontatuko “egiak” dira, eta norberak bizi izan dituanak “egia santuak”. Horregaitik esaten da sarreran, hemen dagozala, batetik “egia” diranak, eta bestetik “egia santuak”. Hori gure lagun batek esaten dau: “Egia dok beste batek kontaukoa, egia santua dok heuk ikusi doana”.
Euskera mailak eta adinak garrantzirik badabe anekdotak ulertzeko?
Bai, alde handia dago. Euskal mundutik gatozenok errez jarraituten deutsagu hariari, berben jokoari... Euskera bizitik hartuta dagoz, eta euskaldunak berez-berez ulertuten ditu, askotan bigarren zentzuko kontuak dira-eta. Euskaldun barri batentzat ikasi beharreko zer edo zer izaten da, mila klitxe, esamolde... beharrezkoak diranak. Euskerea komunikatzeko tresna ez eze kultura transmisinoa be bada. Gura badogu lehengo kulturea hurrengoengana joatea, anekdotak sistema ona dira euskera ederra hurrengoei pasatzeko. Anekdoteak neurri bat dauka, eta osoan ulertuten da, esaldiren bat ulertu ez arren, zentzua errez jasoten da. Ulertuten ez danean, euskareagaitik baino gehiago da, giroa, baserri giroa, tratanteen giroa... ezagutu ez dalako. Anekdota batzuk geure aurrekoen mundua erakusten deuskue askotan, eta beste batzuetan geurea, gaur egunekoa.

Ahozko euskerea idatzira pasatzeko orduan, zeintzuk izan dozuz arazoak eta irizpideak?
Oker ulerturik izan ez daiten esan behar da, anekdoten erredakzinoa, estiloz idaztea neure lana dala, nahiz eta besteren batek kontatua izan; batzuetan minidiskez grabatuz batu dira herrietan; horreetan euki dot idatzira pasatzeko lorra. Arazoak badagoz horretan, hurreko berbakerea erabili gura dalako. Edozein baserritarrek edo arrantzalek deituten dau Bizkaia Irratira, baina ez da ausartuten Euskadi Irratira deituten, berarentzat urruntasun bat dagoalako. Durangoko batek edo Ondarroakoak edo Txorierrikoak anekdotea kontetan badau, liburuan idaztean, euren euskeratik ez urrunegi joatea gura da. Txorierrikoak esaten deutsunean “deurie”, inoz ipinten dot komatxo artean “deurie”, eta gero hurrengo esaldian, eta gehienetan bizkaiera estandarrean, “dabe”. Baina batzuetan, gatzari edo piperrari eusteko, “deurie” sartzen dot. Gogoa da ez urrundutea euren euskeratik; betiko euskera hori idatzira ekarri danean, ez gehiegi aldrebestutea.
Liburua CD bategaz dator. Bertan idatzitakoa grabatu egiten dozue. Zergaitik?
Euskaldun asko edozein uritan, edo Txo-rierrin berton, sakabanatuta bizi da. Batzuek ez dabe euskaldun talderik inguruan, euren euskerea entzun eta alkarregaz bizitzeko. Holako CD baten, oraingo euskera bizia eta lehengoa be entzuten da; esaterako, Frai Bartolomeren anekdotea orain 200 urtekoa. CDa beharrezkoa da; bakarrean irakurria ez dogu entzuten eta gaurko gazteen euskereak askoz agiriago dauka erdal doinua geure lehengoak baino. Hau da modu bat, lehengo azentuak-eta jaso ahal izateko.
Holako liburuek badabe salmentarik?
Bizkaieraz atarateak muga jakin bat dauka; gero, erabilten dozun gaia be aintzat hartu behar da, pasadizoak, interesgarriak dira hainbesterentzat. Euskerazko liburua –irakaskuntzakoa ez danean- ondo dabil 1000 ale salduten diranean, eta liburuen salmenta hain behera etorri dala ikusita, honen erako liburua ondo dabil lehenengo urtean 300 ale saldurik. Beste kontu bat da, ostean interneten bidez zabaldutea-eta.


Nork irakurtzen ditu liburu mota horreek?
Aurreko liburua irakaskuntzan be erabili dana badakit, batez bere alfabetatze mailetan edo euskaldun barriak maila bat daukanean. Beste alde batetik, holako liburua euskaltzalea danak irakurten dau, eta euskeran bertan zeozer barria topetan dabilenak. Honetan be ahalegindu naz euskerearen ederrak batuten. Kontestua anekdotea da, baina horren barruan euskera ederra doa, eta euskaltzaleak beti topetan dau mila adibide eta kontu jakingarri. Ahozko euskerearen ederrak datoz pasadizo benetakoen corpusean eta etorri be irribarrerako ikutuak gozotuta.
Liburuaren aurkezpena egiteko ideiaren bat pentsatuta ei daukazu.
Aurkezpena maiatzaren 14an izango da Lezamako Uribarri Topalekuan, arratsaldeko 8etan. Bertan anekdotak kontatu deustezan lagun batzuk be egongo dira.
Jubilatuta zagoz, liburua amaituta, proiekturik badaukazu?
Ez proiektu gitxi! Irakaskuntzaren ganean be idatzi gura dot. Hainbeste urteko esperientzia, norberak ezagututako irakaskuntza, metodologia, gaztearen arazoak, adibideak emonta..., hori guzti hori liburu baten azaldu gura dot. Bestalde, idazteko be mila gauza ditu norberak, urtero, gitxienez liburu bat. Baina beste alde batetik lagunei ezetz esatea gatxa da. Gu hiztegigintzan ibili gara beti, eta iaz eta aurten hiztegiari dedikatu deutsat ordu piloa, ze gure 3000 Hiztegia eta, amaituten ez diran lanak dira. Gero, Mendebalde Kultura Alkartean be argitaratzen dot, Karmel aldizkarian be bai, Euskaltzaindiko Jagon sailean be badihardut... Orain astia daukat gauzak lehen baino sakonago ikertzeko. Nobela moduan idatzi beharra be sentiduten dot, ze inori esan eta inor animatu idazteko eta neuk idatzi ez, hori ez dot egingo, betebeharra eta gogoa sentiduten dot, tokatu egiten jat.
Belen Gana, euskara militantea: “Euskara galtzen bada, guztiok galtzen dugu”


Ondotxo ezagutzen dugu Txorierriko euskaltzaleok Belen. Emakume hau duela 57 urte jaio zen Sondikan, baina txorierritartzat du bere burua: Loiun Derion bezain gustura sentitzen da, eta Zamudion, Lezaman, Larrabetzun... Oso gaztetxo zela hasi zen lanean euskara arloan, eta berak hainbesterako ez dela esan arren, Txepetxa AEK euskaltegiaren arima da.

Gure artean, nor da Belen?
Euskararen alde lan egin behar zela gazte-gazterik ikusi zuen pertsona. Francoren garaiak ziren eta eskolan dena ematen genuen erdaraz. Gainera, kalean euskaraz egiten bazenuen, “aldeana” esaten zizuten, eta ondorioz, erdarara jotzen genuen lagunok. Baina gurasoek kontzientziazio handia zuten euskararen inguruan eta etxean euskara hutsean egiten genuen. Ama hizkuntza galtzeko arriskuan geundela konturatu ginen: ez genekien euskaraz irakurtzen, ez idazten... Eta egoera horri aurre egin behar geniola erabaki genuen.

Zelan?
Larrondon nenbilen ikasten eta abade gazte berria etorri zitzaigun, oso herrikoia eta euskaltzalea zena. Euskararen inguruan hainbat ekintza antolatzera animatu gintuen, antzerkia, abestiak eta dantza taldea esaterako, orduan hasi nintzen ni eskola ematen nik baino euskara gutxiago zekitenei. Giro polita sortu zen auzoan. Batzuk Herri Gaztedi mugimenduan sartu ginen, eta bileretatik euskara klaseak antolatzeko ideia sortu zen. Garai korapilatsuak ziren eta bilerak erdi ezkutuan egiten genituen. Hala ere, Txorierriko I. Euskararen Eguna egitea lortu genuen seminarioan, eta euskal kutsua ematen ibiltzen ginen edozein ekitaldiri.

Euskarak bizirauteko prozesu horretan, alfabetatzea zen hurrengo pausua.
Alfabetatze kurtsoa Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean egin genuen, eta irakaslea Xabier Oleaga izan zen. Hamasei urte nituen garai hartan, eta oso ondo gogoratzen dut landu genuen lehenengo liburua: Itsasoak ez du esperantzarik. Euskara mantentzeko beharra herritarrei jakinarazi behar geniela pentsatu genuen, eta horretarako, gau-eskolak jarri genituen martxan.

Zelan antolatu zenituzten?
Kanpaina txiki bat egin, eta lagun zein inguruko euskaltzale askok bat egin zuen proiektuarekin. Horietako asko euskara elkarteetan daude gaur egun. Abadeen laguntza ere izan genuen. Gau eskolak herri guztietan hasi ginen ematen, eta herri bakoitzean talde bat baino gehiago sortu zen. Eskola elizetako lokaletan ematen genuen gehien bat.

Sindikatu mundura ere sartu zinen buru-belarri...
Dunlop lantegian egiten nuen lan, eta langileen arazoez arduratzen hasi nintzen. LAB sindikatua sortzeko prozesuan hartu nuen parte. Baina ez nuen inoiz euskara albo batera utzi. Akordio batera ailegatu ginen enpresarekin, eta euskara eskola lantegian bertan hasi ginen ematen. Talde bi nituen: bata, bazkaltzeko orduan; eta bestea, lan-ordutegitik kanpo. Lantegian amaitu eta Deriora joaten nintzen, gau-eskola ematera.

Trantsizio urteak ziren, zelan gogoratzen dituzu?
Zoratzeko moduko garaiak baziren ere, oso politak izan zirela uste dut. Ama haserre zebilen gurekin baserrian lana zegoelako, eta guk egun osoa etxetik kanpo ematen genuelako. Baina aitak beti defendatu egin gintuen, bera ere sindikatu munduan zegoelako sartuta. Oso barregarria zen: alfer hutsak ginela esaten zuen amak, eta gu leku batetik bestera ibiltzen ginen jo ta ke: euskara, alderdi politikoak, sindikatuak... Franco hil zen, borondate handia genuen eta lan asko zegoen egiteko.

AEK-k lekukoa hartu zien gau-eskolei 80ko hamarkadan.
Gau-eskolak borondatez ematen genituen, baina horiek arautzeko beharra ikusi genuen. Izan ere, irakasle genbiltzanok mila saltsetan geunden sartuta, eta horrezaz aparte, noski, bizitza pertsonala ere bagenuen. Txorierritar batzuk Euskaltzaindiarekin bildu eta euskara klaseak beste modu batean antolatzen hasi ginen: dirua hasi zen kobratzen eta ikasteko metodologia lantzen, besteak beste. Korrika 1980. urtean antolatu zen lehenengo aldiz, eta Txepetxa euskaltegia laugarren Korrikan bildutako diruarekin sortu genuen. Denborak aurrera egin ahala profesionalizatu egin ginen irakasleok.

Zelango bilakaera izan du 15 urteko euskara militante hark?
Egoerak aldatu egin dira, baina ni ez: orain dela 40 urteko helburu bera dut. Lan munduak jarraitzen nau kezkatzen, eta horren alde ahal dudan guztia egiten jarraituko dut. Hala ere, dedikazio osoa euskarari eskaintzen diot gaur egun, izan ere, euskara lan eta afizio dut. Beti nago prest euskararen inguruko edozein iniziatiba bultzatzeko, eta laguntzeko. Euskararen langiletzat dut neure burua.

Pozik zaude?
Bai. Giro polita dago Txorierrin euskararen inguruan, eta horretan euskaltegiek ez ezik euskara elkarteek, eskolek eta hainbat taldek dute zerikusia. Bakoitzak ahal duen neurrian egiten du lan; hala ere, ezin gara erlaxatu. Ezin dugu pentsatu dena eginda dagoenik euskara arloan; ez, behar handia dago oraindik egiteko. Eta euskararen etorkizuna guztion inplikazioaren beharrean dago. Erdaldunek ez dute pentsatzen gaztelania gal daitekeenik; baina euskarak badu, ordea, arrisku hori. Horregatik duela 40 urte nituen helburuak eta gaur egun ditudanak berdinak dira. Bizitza osoa eman dut euskararen alde eta erretiroa hartzen dudanean ere, horretan jarraituko dut. Orduan ere, zoritxarrez, beharrezkoa izango dela pentsatzen dudalako.

Urrun ikusten duzu euskararen erabateko normalizazioa?
Bai, euskarari ez zaiolako prestigiorik ematen. Zelan prestigioa eman? Kalera ateraz, hauspoa emanez, zelako altxorra dugun jabetuz eta gozatuz, erakundeetan eta lantegietan erabiliz, lagunen artean...; hau da, euskaraz normal-normal biziz. Eta gainera, euskaldunok harrotasun puntua izatea ere ez legoke batere txarto. Baina gaur egun ez dago giro egokirik hori lortzeko, eta lotsa ere oztopoa da gehienetan. Euskara guztiok eskuartean dugun altxor preziatua dela sarrarazi behar diogu jendeari buruan, eta euskara galtzen bada, guztiok galtzen dugula.

“Aliatuak behar ditugu emakumeok”
Irakaslea eta euskaltegiaren arduraduna izateaz gainera, ama ere bada, emaztea, alaba... Emakumearen Nazioarteko Eguna laster izango da, eta galdetu behar.

Ardura asko izan ditu antzinako emakumeak; eta ardura gehiegi ditu gaur egungoak...
Emakumeok gure gain gizonak baino ardura gehiago hartzeko gauza gara, eta ez dakit izaera kontua izango den. Errepresioa jaso dugu eta bizkortu behar izan dugu. Oso indar handia dugula erakutsi dugu, eta edozein oztopori aurre egiteko gauza garela. Dena dela, Emakumearen Eguna ospatzen dugunean, ezin dugu ahaztu gaur egun gauden lekuan izatea guk baino lehenago borrokatu duten emakumeei zor diegula, eta askok bizitza ere galdu dutela borroka horretan. Emakumeen izaera eta eskubideak zabaltzeko egiten den edozein ahalegin oso inportantea da, baita txikiena ere.

Lana eta familia uztartu behar; lan zailena da hori, ziur asko.
Ohetik altxatu eta burua leku askotan izan behar da: seme-alabak, lana, bazkaria, etxea... eta aliatuak topatzea ezinbesteko dugu. Etxean eta kalean talde-lana oso garrantzitsua da; ez badago, akabo.

Lengoaia matxista da askotan eta euskara salbuespena ez dela diote (gizartearen ordez, adibidez, jendartea erabiltzeko proposamena egin da). Ados?
Hitz batzuk egon egongo dira, baina ez dut uste euskara matxista denik orokorrean. Adibide horrekin jarraitzearren, gizaki hitza koiuntura baten ondorioa dela esango nuke, baina ez koiuntura matxista batena. Guk gizon hitza erabiltzen dugu, emakume, gurasoak, aita-ama... eta hori ez da matxista, bakoitzari berea ematea baizik. Gainera, ez dugu ahaztu behar matriarkatu batetik gatozela, eta eredu berdintsu batetik.


Ongi etorri, euskaraz bizi nahi dugunon herrira

Korrikaren 16. edizioa apirilaren 4an pasatuko da Txorierritik. Aurkezpen ofiziala martxoaren 6an egingo dugu Derion.

Euskararen aldeko hainbat kultura ekitaldik osatzen duten kultura ekitaldi erraldoia da Korrika, eta engranaje hori guztia martxan jartzea ez da egun batean egin daiteken lana. AEK-ko arduradunak buru belarri dabiltza hona eta hara deika, taldeak antolatzen, ekintzak prestatzen... Herrietako elkarteen, lagunen, boluntarioen eta euskaltzaleen laguntza ezinbesteko dute lan horretan. “Eurek barik, ezin izango genuke Korrika aurrera atera”. Kultura bizitza handiko eskualdea da Txorierri, baina hori askoz biziagoa izango da datozen hilabete bietan. Antzerkiak antolatuko dira, bertso-afariak, hitzaldiak, korrika txikiak... “Horiei ere omenaldia egitea pentsatu beharko genuke inoiz”.
Aurtengo Korrikak Tuteratik Gasteizera arte zabalduko du euskararen mezua eta aurtengo ediziorako lelo hau aukeratu da: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira. Belenen esanetan, bete-betean asmatu dute. “Ongi etorria euskara mundura etorri diren kanpotarrei ez ezik, euskara galdu eta berreskuratu duten hainbat euskalduni ere ematen diegu euskaldunok. Oso mezu polita da, eta garrantzitsua. Pozik eta abegikor bizi behar dugu euskararekin”.

Eta hala adierazten dute urte birik behin euskararen aldeko lasterketan parte hartzen duten ehunaka txorierritarrek. Oso ekintza arrakastatsua izaten da gurean, eta herritar gehienen babesa du. “Ezin da hitzez azaldu zer den euskararen lekukoa eskuz esku pasatzea. Oso esanahi sinbolikoa du, eta bizi egin behar da hura ulertzeko”. Hainbat urtetan Korrika antolatzen ibili, eta lekukoa duela urte bi eraman zuen Belenek lehenengo aldiz. Herriak merezitako omenaldia egin zion. “Ekitaldi xumea izan zen, baina hain handia! Txorierritarrek urteetan egindako beharra eskertu zidaten eta egia esan, nik ez dakit nola eskertu eurei omenaldi hori. Sekula ezin izango dut behar beste eskertu”.

Belenek ongi etorria ematen die euskara mundura, “gure etxera”, etortzen diren guztiei, eta euskaraz bizi eta disfrutatzera gonbidatzen ditu. “Euskararen testigua ezin delako
Eskerrak emon eta jaso
Testua: Martin Orbe (argazkian).



Aikor aldizkariko aurtengo jaian Martin Orbe izan zen omendua. Eta berak eskerrak emanez, artikulua idatzi du Txorierriko euskaltzaleak omenduz. Tartean gure elkartea bera eta elkarteko kide diren batzuk, batez ere Belen eta Jose Angel. Hona hemen berak idatzitako artikulua:

2.009ko urtarrilaren 29.a. AIKOR! aldizkariaren 7. urteurrena, Loiuko Lauroetan. Jasotako gonbidapenaren xedera azaldu nintzen ekitaldira. Aldizkariaren alde, lehenik; Lauroetako lagunak bisitatzeko eta Txorierriko euskaltzaleak agurtzeko aukerari ere ezin muzin egin.

Hortik gorakoa ezusteko galanta: aurtengo omenduetako bat nintzela eta Udane Goikoetxeak eztiki-eztiki azaldu gure urteetako joan-etorriak, ustekabekoa gozatzeraino ...

Trantze horretan Txorierrin bizi izan nintzen urteetan (1.978-1.991) ezagutu nituen euskaltzaleak, zein gizon eta emakume zein gune, bururatu zitzaizkidan. Bat baino gehiago ahaztuta uzteko arrisku eta guzti ere bihoakie nire aitorpen eta esker ona.

Erandiotik hasi behar. KORRIKARI laguntzeko ahaleginetan buru-belarri lanean Fede Abarrategi, Felix Etxebarria (+), Manolo Goikoetxea, Sabino Agirre ... Eta bakoitzari zegokion eremuko laguntza Arlan eta Mufer enpresek, Goikolanda tabernak, Goierriko Sokatira taldeak eta gazte taldeak. Uste dut sokea, oraindik, ez dela eten.

Loiuri dagokionez, Lauroeta auzoa aipatu behar. Euskararen alde zein herrigintzako beste edozein alorretan han aurkituko ditugu Juantxu Bilbao eta Iñaki Beitia herri militante nekaezinak. Bikote paregabea!. Azpiegitura beharretarako inoiz huts egin ez duen Aurregoiti jatetxea.
Mikel Zarate Txorierriko idazle ezagunak informantetzat zituen Lauroetako gizon jatorrak: Agustino, Ali, Laudi, Damaso, Remigio ... denak hilak, Remigio izan ezik. Toki bakoitzean, lotsarren, erdi isilka edo hala-holako asmakizunez deitzen ditugun lotsariei eta ... guk nola deitzen diegun jakin gura izaten zuen, kontatzen zuen, irribarre konplizez, Agustinok .

Aitortu behar dut Sondikan jende gutxi ezagutzen dudala. Baina, aspalditik, ezagutzen dut herri osoa ohoratzeko bera bakar-bakarrik nahiko dena. Belen Ganari buruz, zer esan Aikorren iraurleek ez dakizuenik? Txorierriko A.E.K. ren zutabea eta Koordinakunde horren erreferentzia nagusietakoa, urteetan. Bakarra da Belen.

Aitorpenak egiten jarraitu behar. Derio ere nahiko ezezaguna niretzat. Nik ezagutu ez arren , badakit hor dabiltzala Tximintx taldekoak. Zorionez, nik ezagutzen ditudan baino inguru zabalagoetan dihardute euskaltzaleek.

Halaz ere, ezagutzen ditut, Derion, aipamen bat baino gehiago merezi duten euskal militanteak. Nork ez daki Juan Luis Goikoetxeak Derioko Institutuan egindako lana? Zelango trebezia Juan Luisena irakaspenak, euskararenak batez ere, gatzez eta piperrez emanez, erakargarri bihurtzeko! Uste dut igarriko dela Institutu horretan Juan Luisen hutsunea. Baina hor jarraitzen du Pili Ganak. Juan Luisengandik ezbardina, baina goitik beherainoko ekintzailea. Ganatarren kastakoak ezin huts egin! Eta bada derioztarren artean Erandiotik heldutako gizon eta euskaltzale jatorra: Jose Angel Mentxaka. Benetako euskalduna: hitzetan labur, ekintzetan luze.

Eta heldu gara Zamudiora. Tamalez, Lagatzu taldekoak baino ez ditut ezagutzen; eta ez danak. Etxeko laratzuek etxeko barriek badakiz dino esaera zaharrak eta, beraz, niretzat ez bezala txorierritarrontzat oso ezagunak izango zaizkizue.

Lezama hurrengo. Zorrizketan taldea aipatu behar hemen. Talde honez gain, ezin utzi aipatu gabe Jabi Agirre eta Fernando Olabarrieta. Alor askotan saiatua lehenengoa eta Udako Euskal Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean egiten duen lanaz aparte, herrian buru-belarri lan egiteari ukorik egiten ez diona bigarrena.

Eta azkenik, Larrabetzu. Larrabetzuko euskaltzaleek eta hauek eratutako talde eta ekimenek ez dute laudoriorik behar; dagoenaren zerrendak dena adierazten du: Hori bai, Arrekikili, Kukubiltxo, Bihotz bakartiak eta AIKOR!REN 75. zenbakian irakurri dut Literatura Eskola ere badagoela. Biba zuek ! Hainbeste talde eta ekimen antolatzeko derrigor euskaltzale finak egon behar; bi behintzat ezin aipatu gabe utzi: Gotzon Barandiaran, Euskal Filologiako ikasketetan ikaskide izan nuena eta, dagoeneko, euskal idazle ezpala baduela erakutsi duena eta Etxahun Lekue, Bizkaiko zortzi bertsolari onenean artean dabilkuna.

Amaitzeko, ohar bi . Hasieran esan dudanez, ziur naiz, denak ez dira hemen; AIKOR!REKO irakurleok osatu zerrenda, arren. Badira, bestalde, nire garaiko euskaltzaleen kimuak; AIKOR! bera horren frogarik onena. Segida horrek pozez eta itxaropenez betetzen gaitu.
Eskerrik asko, TXORIERRIKO EUSKALTZALEOK; Eskerrik asko, AIKOR!
Derio saskibaloi taldea: “Afizioa Deriora erakartzea nahi dugu talde indartsu baten inguruan”
Urte batzuetan ia galduta egon ondoren, saskibaloirako zaletasuna berriro piztu da Txorierrin. Roberto Floresekin egin dugu berba. Derio saskibaloi taldearen presidentea eta entrenatzailea da Roberto, eta kirol hori herrian bultzatzea du helburu.



Zein da taldearen historia?


Taldea 1995. urtean sortu zen. Hasierako denboraldietan, lehenengo hiru urtean edo, jokalari asko zenbiltzan taldean eta ekipo batzuk zeuden martxan. Baina proiektua bertan behera gelditu zen urte batzuetan. Orain dela hiru urte entrenatzaile sartu nintzen institutuan. Iaz pentsatu genuen txapelketa federatuan parte hartzea, baina ez zen posible izan. Hala ere, aurrera jarraitu dugu eta nesken talde bi federatzea lortu dugu aurten. Nesken zein mutilen beste talde bat osatu da institutuan eta eskolan ere hasi da beste talde bat osatzen. Datorren urtean hartuko du parte lehiaketetan.

Zein da taldearen egoera?
Esan bezala, nesken taldeak federatuta daude eta bakoitzean 11 jokalari ditugu. Institutuko taldean 10 lagun batu dira. Herri askotako jokalariak daude: Derio, Mungia, Sondika, Zamudio, Lezama, Meñaka, Larrauri, Maruri... Etorkizunari begira bazkideak izatea gustatuko litzaiguke. Diru kopuru baten truke bazkide-txartela emango zaie eta hainbat abantaila izango dituzte.

Non egiten dituzue entrenamenduak eta partidak?
Entrenamenduak zein partidak Derioko kiroldegian egiten ditugu. Entrenamenduak astelehen, eguazten eta barikuetan izaten dira. Kiroldegian zelai bi daude eta talde nagusiek hiru ordutan entrenatzen dute zelai handian eta ordu bitan zelai txikian. Beste taldeak bost ordutan entrenatzen du zelai txikian. Leku ona da entrenatzeko, baina entrenamendu gehiago egitea gustatu litzaiguke, baita zelai handia sarriago erabiltzea ere.

Badago saskibaloirako zaletasunik inguruan?
Gureak dira inguruko talde bakarrak, nahiz eta iaz Sondikan beste talde bat egon. Zaletasun handirik ez dago, baina hori arrazoi birengatik izan liteke, beharbada: behar beste publizitaterik egiten ez delako, edo kirol honi ez zaiolako garrantzirik ematen. Guk kartelak jartzen ditugu gure partiduen berri emateko; hala ere, jende gutxi hurbiltzen da jokatzen ikustera. Bazkide kanpaina eta beste proiektu batzuen bitartez afizioa igotzea espero dugu. Beste alde batetik, zaila da Kasillako pabilioian egiten diren partidak ikustera joateko sarrerak lortzea eta horrexegatik ez dugu bidaiarik antolatzen. Tau eta Bruesa taldeen partidak ikustera joateko ere gustatuko litzaiguke autobusak jartzea.

Zelango asmoak dituzue etorkizunerako?
Gure helburu nagusia saskibaloi talde gehiago osatzea da. Eta posible izanez gero, inguruko afizioa Deriora erakarri nahiko genuke talde indartsu baten inguruan.

Eman gazte bati arrazoiren bat saskibaloian aritzeko eta zuen taldean izena emateko.
Arrazoi asko daude: kirola egitea, ondo pasatzea, gauza berriak ezagutzea... Horrezaz gainera, lagunak egiteko aukera ezin hobea izango dute taldean apuntatuz gero. Oso giro ona dago eta leku askotako jendea.
Aikor, Txorierrin irakurriena
Azken Aikor aldizkariak aurtengo apirila eta maiatza bitartean eginiko ikerketaren berri ematen du. Ikerketa horrek emaitza oso esanguratsuak ematen ditu, baina batez ere azpimarratu behar da Aikor dela Txorierrin gehien irakurtzen den aldizkaria. Zorionak, beraz, Aikor egin eta sustegatzen duzuen guztiei.

Ikerketaren emaitza guztiak ere deskargatu ditzakezu Aikorrreko webgunean bertan.

Marmolgintzaren urrezko urte haiek
Vista Alegre hilerriari Derioko kanposantua esan ohi zaio. Argitu beharra dago, hala ere, izan, Bilboko hilerria dela. Eta Zamudio eta Derioko lurretan daudela hilerria bera eta hari lotutako beste eremu batzuk. Gauzak asko aldatu dira inguru horretan azken urteotan. Garai batean, edonon ikusten ziren marmolgintza tailerrak; 15 baino gehiago izan ziren. Gaur egun, banaka batzuk baino ez dira gelditzen.

Beste garai bateko artelanak

Bilbok kanposantu berri eta handi bat eraikitzea erabaki zuen XIX. mendearen azken aldera, Begoñakoa txiki gelditu zitzaiolako. Txorierrin lurrak erosi, eta Vista Alegre egin zuen. Lezamako burdinbidea ere garai hartakoa da, eta arrazoi beragatik egin zuten: gorpuak eta bisitariak ekartzeko eta, horrela, hilerriari zerbitzua eman ahal izateko.
Kanposantua 1901ean inauguratu zuten. Orduan, inguru hartan zerbitzu berriak sortu beharra etorri zen. Garrantzitsuena: marmola landuko zuten enpresak. Batzuk kanpotik etorri ziren, Galiziatik, Leonetik, Italiatik, Gipuzkoatik... eta bertoko batzuek ere hartu zuten ofizioa. Esaterako, 80ko hamarraldian marmolgintza arloko 16 enpresa izan ziren. Gehienek kanposanturako egiten zuten lan, baina batzuek kanporako ere egiten zituzten lanak. Enpresa txikiak ziren, lauzpabost lagunekoak; handienak 10 langile inguru izango zituen. Hona hemen garai hartako tailer batzuen izenak: Edu Bulunburu, Hermanos Sarasola, Txaldi (aita eta semea), Azkuna, Nikolas Gonzalez, Antonio Madariaga, Lazaro Alvarez, Jose Mari Iñarra, Juan Rey. Pedro Madariaga, Elio Madariaga, Asensio Landeta, Patxi Zallo, Carlos Arevalo “Txato”, Goyo Garcia, Luis Zapatero...


Luis zapatero, kanposantu ondoko tailerrean, aspaldiko argazki batean

Ohituren aldaketa
Azken 20 urteotan, aldaketa handiak izan dira gure gizartean kanposantuei eta hildakoak ehorzteko moduei dagokienez. Ohituren aldaketek eta espaziorik ezak harriaren eta marmolaren beharrizana asko gutxitzea ekarri dute. Alde batetik, gero eta gehiago dira erraustea nahiago dutenak; eta bestetik, panteoi eta sepultura gutxi egiten dira. Hilobietan jartzen den apaingarri bakarra marmolezko plaka izaten da.
Marmoldegiak ixten joan dira apurka-apurka, eta Txorierrin zortzi bat baino ez daude orain. Haietako hiruk edo lauk Txorierriko kanposantuetarako lanak egiten jarraitzen dute, baina gehienek eraikuntzara bideratu dute beren jarduna: sukaldeak egiten dituzte, atariak, fatxadak... Beste alde batetik, lanen mekanizazioak asko murriztu du langileen beharrizana. Materialen jatorriari dagokionez, berriz, ez da aldaketa handirik izan:
-Kare harria: Markinatik zekarten lehen; orain, Debatik
-Marmola: Italiatik eta Almeriatik zetorren lehen; orain ere bai.
-Granitoa: gehiena Hegoafrikatik dator, baina beste leku batzuetatik ere.
-Bestelako harriak: lan artistikoetarako erabiltzen ziren lehen; gaur egun marmol mota asko dago eraikuntzarako. Munduko leku askotatik dakartzate.


Behar diren zenbakiak sartuz makinak berak egingo du ia dena

Marmolezko artelanak
Ez da oso aspaldi burdinazko zinta luzeak, area eta ura erabiltzen zirela harritzarrak ebakitzeko. Ostean, zizela eta mailua izan ziren lanabes nagusiak. Tailerrean egin ostean, idiek tatarrez eramaten zituzten piezak jarri behar ziren lekuraino, eta palankak eta poleak erabiliz muntatzen zituzten. Gaur egun ordenagailuz maneiatzen diren makinen bidez ebaki daitezke harritzarrak, eta inskripzioak idatzi. Piezak mugitu eta euren lekuan jartzeko, kamioiak eta lumak erabiltzen dira. Beraz, zerikusirik ez. Teknikak ez ezik arlo artistikoak ere aldaketa garrantzitsuak izan ditu. Vista Alegre kanposantuan XX. mendearen hasierako artelan ederrak daude, arkitekto ezagunek sinatuak eta eskultura nabarmenez apainduak. Lucanini italiarra eskultorerik preziatuena izan zen bere garaian. Txabarri, Ibarra, Lezama-Legizamon eta Bizkaiko beste familia aberats batzuen panteoiak erdiko kale nagusian ikus daitezke oraindik. Hala ere, hilerriak lehengo handitasuna galtzen joan da denboraren poderioz, eta lan arruntagoak egin dira azken urteotan. Juan Rey, orain dela gutxi Derion hil dena, marmolgintza artelan gisa landu duen azkenetakoa da, beharbada.


Juan Isidro Zapatero "Txaldi", marmolari jubilatua

Juan Isidro Zapatero “Txaldi” “Lan gogorra izan arren, garai onenak ezagutu ditut”
Badira urte batzuk jubilatu zela, eta orain dela gutxi ebakuntza egin diote herniatik. Marmolgintzak utzitako gaitzak, beharbada. Marmolarien lana gogorra zela dio, baina urterik onenak bizi izan zituela, lana denontzat zegoela. “Aita Txaldi ere gaztea zela hasi zen marmolgintzan, eta neuk ofizioa hartu nuen 60ko urteetan. Ia mendea amaitu arte ibili naiz lanean. Ofizioaren bilakaera bizi izan dut; hala ere, ez dut ikusi lan ikusgarririk egitea; haiek lehenago egin ziren. Hargintza egiten genuen hasieran, eta harrizko blokeak lantzen genituen. Zizela, punta-zizela eta mailua erabiltzen ziren horretarako. Geroago, 1975. urtearen inguruan, granitoa merkatura sartu eta harri meheak hasi ginen erabiltzen. Lanak harri-xaflez egiten genituen, rotaflexak erabiliz. Lanak kanposantu askotarako egin ditut, garai hartan lan handia zegoen eta: Gernika, Balmaseda, Sopuerta, Espinosa... Guztiok denetarik egiten genuen, baina egia da batzuk trebeagoak zirela lan batzuetan; hizkiak grabatzen, adibidez. Nire garaiko gehienak jubilatu egin dira, eta marmoldegiak apurka-apurka ixten joan dira”
12Hurrengoak >
© Tximintx 2007