tximintx RSS Txokoa kudeatu
Tximintx
Derio saskibaloi taldea: “Afizioa Deriora erakartzea nahi dugu talde indartsu baten inguruan”
Urte batzuetan ia galduta egon ondoren, saskibaloirako zaletasuna berriro piztu da Txorierrin. Roberto Floresekin egin dugu berba. Derio saskibaloi taldearen presidentea eta entrenatzailea da Roberto, eta kirol hori herrian bultzatzea du helburu.



Zein da taldearen historia?


Taldea 1995. urtean sortu zen. Hasierako denboraldietan, lehenengo hiru urtean edo, jokalari asko zenbiltzan taldean eta ekipo batzuk zeuden martxan. Baina proiektua bertan behera gelditu zen urte batzuetan. Orain dela hiru urte entrenatzaile sartu nintzen institutuan. Iaz pentsatu genuen txapelketa federatuan parte hartzea, baina ez zen posible izan. Hala ere, aurrera jarraitu dugu eta nesken talde bi federatzea lortu dugu aurten. Nesken zein mutilen beste talde bat osatu da institutuan eta eskolan ere hasi da beste talde bat osatzen. Datorren urtean hartuko du parte lehiaketetan.

Zein da taldearen egoera?
Esan bezala, nesken taldeak federatuta daude eta bakoitzean 11 jokalari ditugu. Institutuko taldean 10 lagun batu dira. Herri askotako jokalariak daude: Derio, Mungia, Sondika, Zamudio, Lezama, Meñaka, Larrauri, Maruri... Etorkizunari begira bazkideak izatea gustatuko litzaiguke. Diru kopuru baten truke bazkide-txartela emango zaie eta hainbat abantaila izango dituzte.

Non egiten dituzue entrenamenduak eta partidak?
Entrenamenduak zein partidak Derioko kiroldegian egiten ditugu. Entrenamenduak astelehen, eguazten eta barikuetan izaten dira. Kiroldegian zelai bi daude eta talde nagusiek hiru ordutan entrenatzen dute zelai handian eta ordu bitan zelai txikian. Beste taldeak bost ordutan entrenatzen du zelai txikian. Leku ona da entrenatzeko, baina entrenamendu gehiago egitea gustatu litzaiguke, baita zelai handia sarriago erabiltzea ere.

Badago saskibaloirako zaletasunik inguruan?
Gureak dira inguruko talde bakarrak, nahiz eta iaz Sondikan beste talde bat egon. Zaletasun handirik ez dago, baina hori arrazoi birengatik izan liteke, beharbada: behar beste publizitaterik egiten ez delako, edo kirol honi ez zaiolako garrantzirik ematen. Guk kartelak jartzen ditugu gure partiduen berri emateko; hala ere, jende gutxi hurbiltzen da jokatzen ikustera. Bazkide kanpaina eta beste proiektu batzuen bitartez afizioa igotzea espero dugu. Beste alde batetik, zaila da Kasillako pabilioian egiten diren partidak ikustera joateko sarrerak lortzea eta horrexegatik ez dugu bidaiarik antolatzen. Tau eta Bruesa taldeen partidak ikustera joateko ere gustatuko litzaiguke autobusak jartzea.

Zelango asmoak dituzue etorkizunerako?
Gure helburu nagusia saskibaloi talde gehiago osatzea da. Eta posible izanez gero, inguruko afizioa Deriora erakarri nahiko genuke talde indartsu baten inguruan.

Eman gazte bati arrazoiren bat saskibaloian aritzeko eta zuen taldean izena emateko.
Arrazoi asko daude: kirola egitea, ondo pasatzea, gauza berriak ezagutzea... Horrezaz gainera, lagunak egiteko aukera ezin hobea izango dute taldean apuntatuz gero. Oso giro ona dago eta leku askotako jendea.
Marmolgintzaren urrezko urte haiek
Vista Alegre hilerriari Derioko kanposantua esan ohi zaio. Argitu beharra dago, hala ere, izan, Bilboko hilerria dela. Eta Zamudio eta Derioko lurretan daudela hilerria bera eta hari lotutako beste eremu batzuk. Gauzak asko aldatu dira inguru horretan azken urteotan. Garai batean, edonon ikusten ziren marmolgintza tailerrak; 15 baino gehiago izan ziren. Gaur egun, banaka batzuk baino ez dira gelditzen.

Beste garai bateko artelanak

Bilbok kanposantu berri eta handi bat eraikitzea erabaki zuen XIX. mendearen azken aldera, Begoñakoa txiki gelditu zitzaiolako. Txorierrin lurrak erosi, eta Vista Alegre egin zuen. Lezamako burdinbidea ere garai hartakoa da, eta arrazoi beragatik egin zuten: gorpuak eta bisitariak ekartzeko eta, horrela, hilerriari zerbitzua eman ahal izateko.
Kanposantua 1901ean inauguratu zuten. Orduan, inguru hartan zerbitzu berriak sortu beharra etorri zen. Garrantzitsuena: marmola landuko zuten enpresak. Batzuk kanpotik etorri ziren, Galiziatik, Leonetik, Italiatik, Gipuzkoatik... eta bertoko batzuek ere hartu zuten ofizioa. Esaterako, 80ko hamarraldian marmolgintza arloko 16 enpresa izan ziren. Gehienek kanposanturako egiten zuten lan, baina batzuek kanporako ere egiten zituzten lanak. Enpresa txikiak ziren, lauzpabost lagunekoak; handienak 10 langile inguru izango zituen. Hona hemen garai hartako tailer batzuen izenak: Edu Bulunburu, Hermanos Sarasola, Txaldi (aita eta semea), Azkuna, Nikolas Gonzalez, Antonio Madariaga, Lazaro Alvarez, Jose Mari Iñarra, Juan Rey. Pedro Madariaga, Elio Madariaga, Asensio Landeta, Patxi Zallo, Carlos Arevalo “Txato”, Goyo Garcia, Luis Zapatero...


Luis zapatero, kanposantu ondoko tailerrean, aspaldiko argazki batean

Ohituren aldaketa
Azken 20 urteotan, aldaketa handiak izan dira gure gizartean kanposantuei eta hildakoak ehorzteko moduei dagokienez. Ohituren aldaketek eta espaziorik ezak harriaren eta marmolaren beharrizana asko gutxitzea ekarri dute. Alde batetik, gero eta gehiago dira erraustea nahiago dutenak; eta bestetik, panteoi eta sepultura gutxi egiten dira. Hilobietan jartzen den apaingarri bakarra marmolezko plaka izaten da.
Marmoldegiak ixten joan dira apurka-apurka, eta Txorierrin zortzi bat baino ez daude orain. Haietako hiruk edo lauk Txorierriko kanposantuetarako lanak egiten jarraitzen dute, baina gehienek eraikuntzara bideratu dute beren jarduna: sukaldeak egiten dituzte, atariak, fatxadak... Beste alde batetik, lanen mekanizazioak asko murriztu du langileen beharrizana. Materialen jatorriari dagokionez, berriz, ez da aldaketa handirik izan:
-Kare harria: Markinatik zekarten lehen; orain, Debatik
-Marmola: Italiatik eta Almeriatik zetorren lehen; orain ere bai.
-Granitoa: gehiena Hegoafrikatik dator, baina beste leku batzuetatik ere.
-Bestelako harriak: lan artistikoetarako erabiltzen ziren lehen; gaur egun marmol mota asko dago eraikuntzarako. Munduko leku askotatik dakartzate.


Behar diren zenbakiak sartuz makinak berak egingo du ia dena

Marmolezko artelanak
Ez da oso aspaldi burdinazko zinta luzeak, area eta ura erabiltzen zirela harritzarrak ebakitzeko. Ostean, zizela eta mailua izan ziren lanabes nagusiak. Tailerrean egin ostean, idiek tatarrez eramaten zituzten piezak jarri behar ziren lekuraino, eta palankak eta poleak erabiliz muntatzen zituzten. Gaur egun ordenagailuz maneiatzen diren makinen bidez ebaki daitezke harritzarrak, eta inskripzioak idatzi. Piezak mugitu eta euren lekuan jartzeko, kamioiak eta lumak erabiltzen dira. Beraz, zerikusirik ez. Teknikak ez ezik arlo artistikoak ere aldaketa garrantzitsuak izan ditu. Vista Alegre kanposantuan XX. mendearen hasierako artelan ederrak daude, arkitekto ezagunek sinatuak eta eskultura nabarmenez apainduak. Lucanini italiarra eskultorerik preziatuena izan zen bere garaian. Txabarri, Ibarra, Lezama-Legizamon eta Bizkaiko beste familia aberats batzuen panteoiak erdiko kale nagusian ikus daitezke oraindik. Hala ere, hilerriak lehengo handitasuna galtzen joan da denboraren poderioz, eta lan arruntagoak egin dira azken urteotan. Juan Rey, orain dela gutxi Derion hil dena, marmolgintza artelan gisa landu duen azkenetakoa da, beharbada.


Juan Isidro Zapatero "Txaldi", marmolari jubilatua

Juan Isidro Zapatero “Txaldi” “Lan gogorra izan arren, garai onenak ezagutu ditut”
Badira urte batzuk jubilatu zela, eta orain dela gutxi ebakuntza egin diote herniatik. Marmolgintzak utzitako gaitzak, beharbada. Marmolarien lana gogorra zela dio, baina urterik onenak bizi izan zituela, lana denontzat zegoela. “Aita Txaldi ere gaztea zela hasi zen marmolgintzan, eta neuk ofizioa hartu nuen 60ko urteetan. Ia mendea amaitu arte ibili naiz lanean. Ofizioaren bilakaera bizi izan dut; hala ere, ez dut ikusi lan ikusgarririk egitea; haiek lehenago egin ziren. Hargintza egiten genuen hasieran, eta harrizko blokeak lantzen genituen. Zizela, punta-zizela eta mailua erabiltzen ziren horretarako. Geroago, 1975. urtearen inguruan, granitoa merkatura sartu eta harri meheak hasi ginen erabiltzen. Lanak harri-xaflez egiten genituen, rotaflexak erabiliz. Lanak kanposantu askotarako egin ditut, garai hartan lan handia zegoen eta: Gernika, Balmaseda, Sopuerta, Espinosa... Guztiok denetarik egiten genuen, baina egia da batzuk trebeagoak zirela lan batzuetan; hizkiak grabatzen, adibidez. Nire garaiko gehienak jubilatu egin dira, eta marmoldegiak apurka-apurka ixten joan dira”
Unai Garitagoitia, txorizalea:
Unai Garitagoitia Zuluaga. Deustun jaio, eta Derion bizi da gaur egun. Bulego baten lan egin arren, denbora asko emoten dau txoriei adi, izan be Lanius Bilboko ornitologia alkartearen kidea da. Unaik argi dauka Txorierriko txori kopurua beherantz doala eraikuntzak zabaltzen diran neurrian.



Noiztik zaletasun hori?

Betidanik izan dot txorietarako zaletasuna. Aitak, oraindino dodazan prismatikoak, oparitu eustazan txikia nintzala. Gaztaroan itxi eta orain dala bost urte ekin neutsan barriro. Lanius alkartean sartu eta eurakaz nabil.

Asko zarie zaletasun hori dozuenok?
Jente pilo batek dau natura eta txorietarako zaletasuna, baina alkarte bateko kide diranak gitxi dagoz. Alkartean 25 bat lagun bagara be, gitxi gara mugitzen garenak. Baina, gero, Interneten zein liburutegietan kontsulta asko egiten dira txorien inguruan. Siberiatik Indiara migratzen dan txori bat Lamiakon agertu zan orain dala gitxi. Harrigarria izan zan, bertara leku askotako ehundaka zale hurbildu ginan-eta. Esan beharra dago txoria topatzen lehena derioztar bat izan zala; oso txorizalea da bera be.

Zergaitik txoriak?
Natura gustatzen jatzu, erakartzen zaitu... eta naturan errazen ikusten diran animaliak txoriak dira. Horrezaz ganera, espezie ugari dagoz. Txorierritik buelta bat emonez gero, 20-30 ezberdin topa daitekez. Eta joko bat balitz bezala da: artatxoria ikusten dozu, baina ondo erreparatzen badeutsazu, artatxori arrunta ez dala konturatzen zara. Marrak, lumak... ondo begiratu behar dira.

Zer egiten dozue Laniusean?
Zentsuak, txoriak zenbatu... Hori programa zientifiko bati jarraituz egin behar da. Urteerak be antolatzen doguz: Urdaibaira, Abrara, Gorbeiara, Santoñara, Doñanara...
Beste alde batetik, SEO Estatuko alkartearen lan batzuk koordinatu doguz Bizkaian, eta Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako lantxoren bat be egin dogu. Taldekide batzuek publikazioak argitaratzen dabez euren kabuz –Urdaibai, esate baterako-, eta alkarteak Urtekari Ornitologikoa plazaratzen dau.

Zelango teknika erabiltzen dozue behaketak egiteko?
Pertsonen eta lekuen arabera izaten da hori: batzuek gurago dabe leku baten gelditu txorien zain; eta beste batzuek, txorien bila joan. Hasieran prismatikoak erabiltzen genduzan; eta orain, lurreko teleskopioa. Argazki kamara ona eta objektibo garestiak behar dira argazkiak ateratzeko. Dena dela, teleskopioko okularrean jartzen diran kamera digitalak atera dabez merkatura, eta gero eta argazki hobeak egiten dira.

Osasuntsu dagoz txoriak Bizkaian?
Txori bakoitzak bere habitata dau, eta hori desagertzen dan heinean txoria be desagertuko da. Gero eta eraikin gehiago altxatzen dabilz, lur-zorua gitxitzen doa... eta horrek guztiak eragina dau. Adibidez, Europan enara-populazioa gutxitzen doa. Baina, ostera, enara antzeko beste espezie batzuk gorantz doaz.

Eta Txorierrin?
Nahiko egoera ona euki dogu orain dala gitxi arte, baina, bertora bizi izatera etorri nintzanean hegazti-populazio haundiagoa egoan; harrapari gehiago, adibidez. Teknologi Parkea be asko haunditu egin da, eta han berdea egon arren, ez da gauza bera; ez da natura. Pinudi asko dagoz, eta txori mota batzuk zuhaitz horreetara ondo moldatzen badira be, baso horreek ez dira batere naturalak. Eukalitadiak be ez dira habitat egokiak... Hariztiak eta landak oso leku aproposak dira txoriak bertan bizi izateko, baina Txorierrin haresti gitxi doguz eta landak be gero eta gitxiago daukaguz.

Zaila da txepetxak ikustea?
Ez, Berreaga mendi lerroan txepetx asko ikus daitekez. Neguko atlasa egiten ibili nintzanean, txepetxak ikustea oso erraza dala konprobatu neban. Txori horrek urte osoa emoten dau berton. Baina ez da inguruko txoririk txikiena; beste bat dago: erregetxoa.

Araba-zozoek oihartzun haundia izan dabe komunikabideetan...
Hirietan tenperatura gradu pare bat altuagoa dala ikasi dabe, gainera hirietan ez dago harraparirik, eta gustatzen jake han biltzea. Horrek enbarazua sortzen deusku; edozelan be, neguko arazoa da bakarrik . Eta egiten dabilzanak ez dot uste arazoa konponduko dauanik. Izan be, belatzak erabiltzen dabilz, eta, holan, txoriak lekuz aldatzea baino ez dabe lortuko. Ez dauka konponketa errazik. Azkenean ohituko gara, usoekin bezala.

Zelan konpontzen zarie ehiztariakaz?
Ondo ez. Indar handia dabe Txorierrin eta Bizkaian. Batzuek mendia eurena dala uste dabe, inork baino eskubide gehiago dabela. Dana dala, euren artean mota bi bereizi behar doguz: ehiztariak, hau da, errespetua erakutsi eta legeak betetzen dabezanak; eta “eskopeteroak”.
© Tximintx 2007