tximintx RSS Txokoa kudeatu
Tximintx
Nafarroako euskaldunak gorriak ikusten ari dira



Nafarroako euskaldunak gorriak ikusten ari dira azken boladan. Duela bi urte luze Nafar Gobernuak Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutua sortu izanak itxaropena piztu zion bat baino gehiagori, baina praktikan, hura sortu zenetik gero eta oldarkorragoa Sanzen Gobernuak euskararen kontra daraman politika.

Horren aurrean, Nafarroako euskalgintzako eragileek bat egin eta manifestazio deialdia egin dute maiatzaren 15erako. Nafarroako Topaguneko arduraduna den Oskar Zapata (beheko argazkian, erdian) deialdia egin zutenen artean egon zen.




Oskar, deialdian esaten duzue ulertezina dela Nafarroako Gobernua nola ari den euskaldunon kontra. Zergatik diozue hala dela? Zertan gauzatzen da euskararen kontrako jarrera hori?

Kontra ari da, euskararen sustapena babestu eta lagundu beharrean, oztopoak baino ez ditu jartzen: legalak, politikoak eta ekonomikoak.
Lau adibide: Gobernuaren ildoko hedabideetan gaur eguneko euskaldunok ez gara existitzen, ez bada gauza folkloriko edo arkaikoekin lotuta. Gobernuak ez du aukerarik eskaintzen sare publikoan haurrak eta gazteak euskaraz matrikulatzeko, Tafallan, esaterako. Iaz, hedabideentzako diru laguntzarik ez zen egon. Aurten aisialdi-kultur.-sentsibilizazio arloak sustatzeko 18.000 euroko aurrekontua ditu banatzeko guztien artean: iraingarria, ezta?

Nola eragiten die horrek Nafarroako euskaldunei?

Eskubide murrizketa garbia pairatzen dugu. Administrazioarekin euskaraz ezin gara komunikatu. Euskaren sustapena kontzienteki baldintzatzen dute txarrerako: haur, gazte edo helduentzako kultur- aisialdi proiektuak ez dira finantzatzen. Eraikita dugun hori, dela hedabide bat, dela euskaltegi bat, dela mintzapraktika…ekonomikoki ito ez dezaten ahaleginak eta bi egin behar ditugu. Zertarako egiten dute? : nekea, etsipena, tristura, amorrua, … eragiteko

Manifestazio deialdia egin duzue maiatzaren 15erako. Zer helburu du manifestazioak?

Gobernuari esatea: aski da!! . Gainerako alderdi politikoei: Eskubideak ditugu, horiek errespetu daitezen lan egin ezazue. Gizarteari: Nafar euskaltzaleak asko gara, gero eta gehiago, gurekin kontatu behar da Nafarroa anitzagoa eta demokratikoagoa eraiki nahi bada, atera zaitezte kalera, erakutsi ezazue euskara bizirik nahi duzuela, babestu ezazue Nafarroako euskalgintza.

Manifestazio horrez gain, bestelako lan ildorik markatu duzue? Zer lortu nahi duzue zehazki Gobernutik?

Manifestazioa abiapuntua izatea nahi dugu. Bai Nafarroako euskalgintzako agenteen artean harremanak estutzeko baita alderdi politiko zein gainerako gizarte eragileengana eragiteko . Gobernutik? ez dutela egin nahi badakigu, baina errekonozimendua eta laguntza hori da Nafar Gobernuak zor egiten diguna

Norbanako atxikimendu asko jaso dituzue jadanik, eta orain elkarte, alderdi eta bestelakoena ere bilduko duzue. Zer egin behar da atxikimendua adierazteko? Nafarroatik kanpoko euskaldunek ere lagundu ahal dute? Nola?

Atxikimenduen zerrendara izena emateko aukera hoberena aztertzen ari gara. Dakigunean jakinaraziko dizuegu, lasai.
Nafarroatik kanpokoak? Ea ba, geuk zainzuriak, orburuak eta piperrak jarriko ditugu, baina txakolina eta sagardoa zeuek ekarri behar dituzue. Ados?
Udagoieneko osterak 10 urte
Topaguneak antolatzen duen Udagoieneko osterak 10 urte egin ditu aurton. Eta urtero legez, Bizkaiko hainbat herritara eramango ditu euskarazko kultur produkzioak, kalitatezkoak eta erakargarriak.

Programa hasi da dagoeneko, baina oraindik hainbat ekitaldi daude ikusgai.



10 urtetan Osterak ez du Derio ukitu, ea 20. baino lehen gurera datorren ostera egitera udagoienean.
Euskal Herriko grafiti lehiaketa Erandion izango da

Spraikadak, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren izen eta irudi berria, Erandion izango du bosgarren edizoaren lehiaketa, uztailaren 19an. Izena emateko epea ere ireki dute, ekainaren 27ra arte. Interesatuek, 16 urtetik gorakoak eta euskaldunak badira, beren lanen zirriborroak A3 formatuan eta 7 x 2 proportzioetan aurkeztu ahal izango dituzte graffitiak[abildua]topagunea.org posta elektronikora edo Topagunearen bulegora bidaliz. Antolatzaileek hamar grafitti aukeratuko dituzte uztailaren 19an Erandion lehiatu daitezen, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariengatik.


Spraikadan parte hartzeko baldintzak

• 16 urtetik gorako gazte euskaldunek parte har dezakete, bakarka nahiz taldeka.
• Teknika eta gaia libreak izango dira.
• Graffitia testuarekin aurkezten bada, testua euskaraz idatziko da.
• Graffitiaren zirriborroa DIN A3 formatuan aurkeztuko da, posta arruntez edo e-posta bidez.
• Aurkeztutako zirriborro guztien artean, hamar aukeratuko dira uztailaren 19an Erandion buruz burukoan lehiatzeko.
• Graffitiak 7 x 2 metroko hormetan egingo dira antolakuntzak emandako sprayak erabiliz. Gainontzeko materiala lehiakideek eramango dute.
• Lehiaketa egunean aldez aurretik aurkeztutako zirriborroa hormaratu beharko da.
• Sari banaketa lehiaketa egunean egingo da.

Izen ematea

Parte hartzaileak, zirriborroarekin batera, ondokoak bidaliko ditu:

• Lanaren izena eta egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa. Nortasun Agiriaren fotokopia.

Posta elektronikoz edo posta zertifikatuz, ekainaren 27a baino lehen bidaliko dira.

Sariak

Hiru sari banatuko dira:

1. 1.500 €
2. 1.200 €
3. 900 €

Antolatzaileek horrela erabakiz gero, sariak hutsik gera daitezke. Antolatzaileen eskumena da lehiaketan bidezko deritzoten aldaketak egitea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak aurreko puntuetan azaldutako onartzea dakar


Oharra:

Informazio gehiago lortzeko, zalantzak argitzeko eta zirriborroak bidaltzeko ondoko zenbaki eta helbideetara jo:

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
Gazte Saila (Amaia)
Arlozabal 8 bis, 1.C
48220 Abadiño (Bizkaia)

946 215 116 edo graffitiak[abildua]topagunea.org







© Tximintx 2007