Zorrizketan RSS Txokoa kudeatu
Zorrizketan
Mihiluzedun artista bi

Zorrizketankide ospetsu bi izan berri doguz Mihiluze telebista saio ezagunean. Hona hemen euren bizipenen berri...

Zertara edo zergatik joan zarete?
Lezamar bat dabil telebista saio horren lantaldean, eta bere bitartez jende bila zebiltzala jakin genduan. Abentura polita izan leitekela begitandu jakun, eta animatu egin ginan. Ganera, diru pilo bat egoten da jokoan... baina honen berri zehatza izateko, abenduaren 11rarte itxaron beharko dozue.

Zenbat saiotan izan zarete?
Danetara hiru saio egin genduzan, guztiak egun berean. Izan be, grabazinoak astean behin izaten dira, eta lau saio egiten dira jarraian egun berean. Halandaze, galdera-erantzun informaletan, aurkezleakaz plantak egin behar dira; berbarako, lehenagoko saio baten inguruan galdetzeko, "zer moduz atzoko saioan" esaten dabe, emititu, aurreko egunean egiten dalako, grabatu, aurretixeago egin den arren, egun berean.

Zelan esperientzia?
Ederra, jende majoa ezagutu genduan, Kike eta Ilazki tarteko, baita Tania iruindarra, eta giro oso atseginean ibili ginan egun guztian. Gure lezamar sena be agerian lotuko zan, ahal izan genduan guztietan lezamako edertasunak, bereziki txakolina, aitatzen ibili ginalako; ea tartetxo horreek mozten ez deuskuezan, barre galantak bota genduzan eta!.
Nafarroan, euskaldunak arrotz
Gure inguruan, euskaldunontzat ohitura bihurtu da batzuetan euskeraz, besteetan erderaz berba egitea. Normal bizi dogu gure hizkuntzaren egoera anormala.

Gurean, erakundeak behartuta dagoz gu euskeraz atenditzen, bide seinaleak euskeraz dagoz, irratia eta telebista be euskeraz ikusi eta entzun geinkez... zeozelango presentzia estetiko horrek normaltasun jantzia jartzen deutso gure hizkuntzaren osasunari, askoren kontzientzian.

Baina gugandik urrun ez, Nafarroan bertan, gauzak oso bestelakoak dira. Erakunde gehienek ez dabe euskera errespetatzen. Hainbat bide seinal erdera hutsean dagoz.
Iruñerriko Euskalerria Irratia euskaldunak, 20 urte bete dauz oraintsu, baimen ofizial barik emititzen, eskatu, behin eta berriz egin dauen arren.

Bidegabekeria horreek estaltzen dauzan jantzirik ez dago. Goazen ba gure erkideei laguntasuna emoten. Batetik, gure euskaldun beharra da. Bestetik, errealitate biluztuaren gordintasunaz jabetzen lagunduko deusku. Baita guk daukaguna apreziatzen eta erabiltzen. Agian!
Gabonetako zozketa itzela
Bai, ondo irakurri dozu:
  • Erdikoetxe txakolin estutxea

  • Kima Landarakerako opari txartela

  • Goiko Tabernan, birentzako afaria

  • Aretxalde Hipikan, birentzako sesioa

  • Matsa Hotelean, birentzako gaua+armozua

Honeexek dira euro ziztrin baten truke, laster eskuratu zeinkezan Lezamako edertasun material zein izpiritualak.

Izan be, gure alkartearen diruzorroaren osasuna jagote aldera --betiko moduan makaltxo dabil eta--, Gabonetako Zozketa Itzela antolatu dogu aurten.

Txartelak badagoz salgai: jo Zorrizketankideengana edo bilatu herriko komertzio eta tabernetatik.
Jai osteko afaria... eta afalostea
Jaiak hasi aurretik, frontoiko taberna lasai ibiliko zala pentsau arren, akabuan parranda ederrak bota genduzan bertan. Asko ibili zinien laguntasuna emoten, eta denok eskertu genduan. Eskerrak emoteko zer hoberik afaritxo bat baino, eta halaxe batu ginan berrogei bat lagun, Lezamar zein txorrieritar, Goitioltzako txokoan, pasa dan irailaren 19an.
Horren guztiaren lekuko, alboko argazkitxoak.
Berbalagun, laster Lezaman ere
Euskaldun zaharrak eta euskara ikasten daudenak harremanetan jartzeko proiektua da berbalagun, elkarrekin euskara hutsean berba egiteko. Derion eta Larrabetzun martxan dabil, oso aktibo ibili ere, eta aurrerantzean Lezamara (besteak beste) zabalduko da. Hortaz,
  • Euskalduna bazara, asko dozu emoteko, euskaraz egin gura dauen horri laguntzeko prest bazagoz

  • Euskara ikasten bazaude, edo egondakoa bazara, eta euskal mihingaina herdoiltzen hasi bazaizu, hona hemen dantzan jartzeko aukera paregabea: irakasle gabeko klaseak!
Batean zein bestean, interesatuta bazaude, bidali email bat zorrizketan@euskalnet.net-era.
Euskaraz bai produktuak eskuratzeko webdenda

Martxelo Otamendik Espainia salatu du
otamendi
Martxelo Otamendik Espainiako Erresumaren kontrako salaketa jarri du Europako Giza Eskubideen Auzitegian (Estrasburgon), Espainiako auzitegietan bide guztiak agortu ondoren.
Aste honetan bertan aurkeztu duen auzi eskaeran, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu izana egotzi dio Espainiari: «Ezin izango da inori torturarik edo zigor edo tratu gizagabe edo ankerrik ezarri»

Informazio osoa berria.info-n.
Mikel Zarateren idazlan galdua, aurkituta
Lezamako euskaltzale (eta idazle, irakasle, elizgizon...) ezagun Mikel Zarate (1933-1979) zenaren idazlan bat, galdutzat ematen zena, aurkitu eta argitaratu egin da.

Zehatzago, Goitioltzako 'Pospolin' informatzaile prestuaren esanetan:

Mikel Zarateren argitaratu bako lan hori agertu da azkenean, Karmelo Etxenagusiaren paperen artean egon da, antza. Labayru Ikastegiak bere "Idatz & Mintz" aldizkariaren azken zenbakian dago. Ez da eleberria, uste zan moduan, ipuin luzea baino. Nik oraindik ez dot eskuratu ezta leidu, baina laster egingo dot eta zehaztasun gehiago emon be bai txoko honetan.


Bestalde, antza denez "Bilbo irribarrez" liburuxkaren berrargitalpena be egin dau Labayruk.

Eskerrik asko, Pospolin!

Argibide gehiago izan ahala, hementxe gehituko ditugu.
© Zorrizketan 2008